Askorentzat transgenesia eta ekologismoa elkarren aurkakoak badira ere, horrela izendatu dute batzuek Enviropig : txerri transgeniko ekologikoa. Izan ere, Kanadako Guelf Unibertsitatean sortu duten txerri-mota horrek E. coli bakterioaren eta saguaren geneak ditu bere genoman; haiei esker, pentsuan dagoen fosforoaren % 50-75 digeritzeko gai da. Horren ondorioz, txerri arruntak baino fosforo gutxiago askatzen du ingurumenera, alegia, gutxiago poluitzen du.
Kontuan izanda munduan txerria dela gehien hazten den abereetako bat, zenbait adituk adierazi dute oso litekeena dela Enviropig izatea merkaturatzeko baimena lortzen duen lehen animalia transgenikoa, ingurumenarentzat oso mesedegarria izango bailitzateke haien ustez.