Txernobylgo hondamendiaren itzala ez da desagertu

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Azkenaldian, kutsu baikorra duen ikerketa bat baino gehiago argitaratu da, Txernobyl inguruko egoerari buruz. Esaterako, iazko urrian Current Biology-n argitaratutako batean baieztatu zuten erradioaktibitateak kutsatutako eremuan ugaritzen ari direla ugaztun handiak. Are gehiago, Ukrainiak eremua ingurumen-santutegi izendatuko duela adierazi du. Alabaina, Txernobylgo zentral nuklearreko hondamendiak utzitako ondorioak ez dira desagertu.

txernobylgo-hondamendiaren-itzala-ez-da-desagertu
Txernobylgo zentralaren 4. erreaktorea eta oroimenezko plaka. Arg. Matti Paavonen/CC-BY-SA 3.0

Horixe ohartarazi du beste batzuen artean The Lancet aldizkariak, Txernobylgo hondamendiaren 30 urteurrenari buruzko artikulu batean. Izenburua argigarria da: “Ikasi gabeko lezioak”. Egileak, Chris McCallek, istripua gertatu zen garaian zentral nuklearrean lan egiten zuen lekuko batekin eta osasun-adituekin osatu du artikulua.

Haren arabera, istripua gertatu zenean hainbat akats egin zituzten segurtasun-arduradunek eta agintariek, bereziki, informazioa ezkutatzea. Horrek ondorio larriak izan zituen zentralaren inguruan bizi zen jendearen osasunean. Hondamendiaren hurrengo asteetan, 28 pertsona hil ziren, erradioaktibitatearen ondorioz. Gerora, beste zenbait gaixotasun ohiz kanpoko prebalentziarekin azaldu dira: tiroideetako minbizia, kataratak, larruazaleko gaitzak...

Osasun-arazoetatik harago, McCallenentzat Fukushima da Txernobylek utzitako lezioa ez dela ikasi frogatzen duen ebidentzia nabarmenena. Eta ez segurtasun-akatsak egon zirelako bakarrik —lurrikarak ohikoak diren leku batean egotea, adibidez—, baizik eta jendea ez zutelako behar bezainbeste informatu gertatutakoaren eta arriskuen gainean. Horixe da akatsik handiena artikuluko adituen arabera: ezkutuan gordetzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.