Turismoak eragindako karbono-isuriek gora egin dute azken hamarkadan

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

turismoak-eragindako-karbono-isuriek-gora-egin-dut
Arg. ThePixelman / Pixabay

Turismoarekin lotutako karbono isuriek etengabe gora egin zuten 2009-2019 hamarkadan, Nature Communications aldizkarian egindako ikerketa berri batek erakutsi duenez. 2019an  berotegi-efektuko isuri guztien % 8,8 turismoari lotutakoak izan ziren. Emaitzek agerian uzten dute turismoaren sektorea klima-helburuekin lerrokatzeko premiazkoak direla neurri politiko eraginkorrak.

Ikertzaileek munduko turismoaren karbono-aztarnen azterketa sakona egin dute 2009tik 2020ra bitarteko 175 herrialdetako datuak erabiliz. Denbora-tarte horretan turismoaren isuriak urtean % 3,5 hazi zirela ikusi dute, ekonomia globalaren tasaren (urtean % 1,5) bikoitza baino gehiago. 2019an turismoak 5,2 gigatona CO2-baliokide isuri zituen, berotegi-efektua eragiten duten gasen munduko isuri guztien % 8,8. Hazkundea azaltzeko bi arrazoi nabarmendu dituzte. Batetik, eraginkortasun teknologikoa oso gutxi hobetu da: urtean % 0,3. Eta, bestetik, eskaria asko handitu da: urtean % 3,8.

Bestalde, nabarmendu dute desberdintasun nabarmenak daudela herrialdeen artean. Izan ere, 2019an, turismoaren karbono-aztarna osoaren heren bat hiru herrialdek eragin zuten: Estatu Batuek, Txinak eta Indiak. Eta gehien isurtzen duten 20 herrialderen artean —Frantzia eta Espainia tartean— karbono-aztarna osoaren hiru laurden eragin zuten. 

Emaitza horiek agerian uzten dute premiazkoa dela turismoaren emisioak murrizteko neurri politiko eraginkorrak hartzea. Izan ere, hobekuntza teknologikoei esker zerbait murriztea lor badaiteke ere, ez da nahikoa turismo-eskariaren hazkundeari erantzuteko. Bestalde, emisioak murrizteko politika globalak diseinatzean herrialdeen arteko desberdintasunak kontuan hartzearen garrantzia ere azpimarratzen du ikerketak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila