AVI-2015 proiektua CAF enpresak zuzentzen du. Etorkizun hurbilean abiadura handiko trenak, Europa osoan zehar, hainbat trenbide-zabalera, tentsio elektriko eta seinalizazio-motarekin ibili ahal izateko teknologia garatzea da helburua.
Egun, 250 km/h-ko abiadura soilik har daiteke kasu horietarako dauden aukerekin. AVI-2015 proiektuak jauzi teknologiko bat egin nahi du 300 km/h-ko abiadurara heltzeko, betiere segurtasun- eta konfort-maila mantenduz edo hobetuz eta energia-kontsumoa txikituz. Horretarako, hainbat teknologia gako ikertuko dira; esaterako, trenbide-dinamika, esekidura aktiboak, materialak, seinalizazioa eta trakzioa eta aerodinamika.