Titanen, lakuak eta mendilerroak

Titanen, lakuak eta mendilerroak
2007/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA/JPL)

Saturnoren Titan satelitean lakuak daude, edo lakuen oso antzeko egitura batzuk bai, behinik behin. Izan ere, Cassini zundak ateratako radar-irudietan garbi ikusten dira lakuen antzeko egitura horiek. Irudiaren koloreak ez dira giza begiak han egonda ikusiko lituzkeenak: kolorearen intentsitatea islatutako radarraren araberakoa da; beraz, alde ilunenak (lakuei dagozkienak) radarra gehien islatzen dutenak dira.

Irudiak Titanen artikoan ateratakoak dira, eta, horietan, 75 laku zenbatu dituzte. Neurri eta egitura askotakoak dira. Batzuk hiru bat kilometrokoak dira, eta, handienak, hirurogeita hamar kilometro baino gehiagokoak. Batzuk bete-beteta daude, eta, beste batzuek, berriz, ertzak lehorrak dituzte.

Bestalde, Titanen inoiz ikusi den mendilerro handiena bistaratu du Cassini-k. 150 kilometro inguru luze da eta 30 kilometro inguru zabal; eta 1.500 metro inguruko garaiera du.

Mendi horiek nola sortu ziren ez dakite, baina litekeena da Titango plaka tektonikoak bereizi ahala barruko materiala ateratzearen ondorioz sortzea, Lurrean Ozeano Atlantikoaren erdiko dortsala sortzen den antzera.

1
228
2007
2
015
Astronomia; Astrofisika; Astronautika
Berriak labur
9
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila