Tetraplegia duen paziente baten eskuko mugikortasuna berreskuratu dute

tetraplegia-duen-paziente-baten-eskuko-mugikortasu
Arg. Ohio State University/ Batelle

Lehenengo aldiz, paralisia duten gizakietan hainbat behatzen, eskuaren eta eskumuturraren mugikortasuna berreskuratzea lortu da, pazientearen garun-azaleko seinaleak jasota. Nature aldizkarian argitaratu da lorpena.

Paralisia dutenek etenak dituzte garunaren eta giharren arteko seinalizazio-bideak, eta ondorioz, ezin dituzte gorputz-atalak mugitu. Lehendik lortu izan dute gizakien nerbioetako aktibitatea jaso eta beso robotikoak mugitzea, baina inoiz ez pazientearen besoa bera mugitzea. Oraingoan, ordea, gizakion gorputz-atalen beren mugimendua denbora errealean lortu da.

Horretarako, garun-azalean mikroelektrodoen matrize bat inplantatu zioten duela 6 urte kotxe-istripu baten ondorioz tetraplegiko geratutako gazte bati. Ikasketa automatikoko algoritmoak erabili dituzte garunaren aktibitatea deskodifikatzeko eta besoko giharren aktibazioa kontrolatzeko. Besoan jarritako estimulazio elektriko neuromuskularrerako sistema baten laguntzaz, besorik ez hankarik mugitu ezin zuen gazte honek dagoeneko behatzen, eskuaren eta eskumuturraren hainbat mugimendu egitea lortu du. Objektuak heldu, maneiatu eta askatu ditzake. Gitarra jotzera ere iritsi da.

Teknologia honek bizkarhezur-muineko lesioa duten pertsonen garuna eta giharrak konektatzen ditu, pentsamenduen bidez eta borondatez mugitu ahal dezaten paralizatutako gorputz-adarra. Gailuak garunaren seinaleak eta pentsamentuak interpretatzen ditu, eta bizkar-muinetik pasa gabe, zuzenean besoan duen mauka elektronikoarekin konektatzen da. Modu horretara, besoko eta eskuko giharrak estimulatzen ditu, eta pazienteak pentsatutako mugimendua egiten dute giharrek.

Oraindik mikroelektrodoen sistema, estimulazio elektrikorako sistema eta algoritmoak berak hobetu beharra daudela onartu dute ikertzaileek. Nerbio-sisteman ezarritako elektrodoek hantura eragiten dute, eta neuronak kaltetu ditzake. Horren ondorioz, neuronen seinalea ere galduz joaten da hilabeteak pasa ahala. Gazte tetraplegikoak, esaterako, 15 hilabetez izan du ezarria sistema, eta denbora-tarte horretan erregistro-puntuen % 60aren seinalea galdu dute. Era guztietara, teknologia neuroprostatikoak paralisia duten pazienteen bizi-kalitatea hobetuko duen esperantza dute.

Hemen duzue bideoa ikusgai:

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.