Hil honetan bat egiten dute lehen emakume kosmonauta eta astronatuta lehen aldiz espaziora joan zireneko urteurrenak. Hain zuzen, ekainak 18 zituela eman zuen pauso hori Valentina Tereshkovak, eta 16an, berriz, Sally Ridek. Bi eguneko tartea dago, beraz, bi efermerideen artean. Urteak aintzat hartuta, baina, tartea dezente handiagoa da: estatubatuarrek lehen emakumezko astronauta, Ride, espaziora bidali zutenerako, baziren 20 urte errusiarrek lorpen hori eskuratu zutela, Tereshkovari esker.
1963an joan zen espaziora Tereshkova, Vostok 6 ontzian. Espaziora bidaiatu zuen lehen emakumea ez ezik, espazioan bakarka egondako bakarra ere bada, oraindik ere. Gainera, lehen zibila ere izan zen, bere aurretik espaziora joandako guztiak militarrak baitziren, eta, bere bidaian, astronautek espazioan guztira igarotako ordu-kopurua gainditzea lortu zuen. Izan ere, ia hiru egun eman zituen; denbora-tarte horretan, 48 orbita osatu zituen Lurraren inguruan.
Horrela, espazio-lasterketaren buruan jarri ziren errusiarrak, beste behin ere: haiek jaurti zuten lehen satelitea (Sputnik-1, 1957an), bidali zuten lehen animalia (Laika, 1957an hura ere) eta lehen gizakia (Yuri Gagarin, 1961ean), eta espaziora bidaiatu zuen lehen emakumea ere kosmonauta zen, ez astronauta.
Hogei urte igaro ziren estatubatuarrek lehen emakumea espaziora bidali zutenerako. Sally Ride izena zuen, fisikaria zen, eta Challenger ontzian egin zuen lehen bidaia hura, STS-7 misioan. Eta beste alderdi batean ere izan zen lehena: espaziora bidaitu dutenen artean, bere burua LGTBIQ kolektibokoa dela onartu duen lehenengoa da, eta, oraingoz, bakarra.
Bestela, espaziora joan zen hirugarren emakumea izan zen, bera baino urtebete lehenago joan baitzen bigarren kosmonauta: Svetlana Savitskaya. Berez, 1960-1970 hamarkadetan, AEBetan egin ziren saiakerak emakumezko bat bidaltzeko espaziora, baina beti bide extraofizialetatik, ez NASA ez gizartea ez zeudelako halakorik onartzeko prest. Astronautak herrialdearen heroiak ziren, eta heroiak gizonezkoak izan behar zuten, nahitaez.
Hortaz, 1983ra arte ez duten pauso hori eman AEBetan, eta, hala ere, prentsaren matxismoa jasan behar izan zuen. Esaterako, “Bidaiak zure ugal-organoei eragingo die?” eta “Negar egiten duzu lanean gauzak gaizki ateratzen direnean?” galdetu zioten misioaren berri emateko egin zuten prentsaurrekoan.
Espazioko karrera bukatutakoan, Tereshkova politikan sartu zen. Ride, berriz, fisika-irakasle aritu zen Kaliforniako Unibertsitatean, eta umeentzako zientzia-liburuak idatzi zituen, bere bikotekidearekin batera.