Duela gutxi, The Lancet medikuntza-aldizkariak berretsi zuen, odolean giba ia detektaezina denean (mililitroko 1000 birus baino gutxiago), ez dagoela sexu bidez transmititzeko arriskurik. Artikuluan, 2010-2022 bitartean horren gainean egindako ikerketak berrikusi zituzten, eta, tratamendu antiretrobiralei esker, kasu horietan, arriskua zero zela baieztatzetu zuten. Horrez gain, ondorioztatu zuten emaitza oso garrantzitsua zela, seropositiboen eta haien bikoteen bizi-kalitatea hobetzeko ez ezik, baita estigma desagerrarazteko ere.
Orain, artikulu hori abiapuntutzat hartuta, hiesaren etorkizunari buruzko editorial bat argitaratu du aldizkari berak. Editorialean, beste aurrerapauso batzuk ere izan direla gogorarazi dute, hala nola esposizioaren ondorengoko profilaxia eta epe luzeko tratamendu injektagarriak. Baina nabarmendu dute teknologia medikoa ez dela nahikoa hiesaren pandemia bukatzeko.
Izan ere, Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat da, 2030erako, % 90 gutxitzea infekzio berriak eta hiesak eragindako heriotzak, 2010eko datuekin alderatuta. Oraingoz, ordea, ez dirudi helburu hori lortuko denik. Adibidez, AEBn, infekzio berriak ez dira jaisten ari beharko zuketen neurrian. Horren arrazoien artean tratamenduen eskuragarritasuna, estigma eta osasunaren baldintzatzaile sozialak daude; horrenbestez, horiei aurre egitea ezinbestekoa da helburura hurbiltzeko.
Horrez gain, nazioartean areagotzen ari da herrialde pobretuen eta aberatsagoen arteko arrakala, hiesari aurre egiteko bideratzen den funtsetan. Eta populazio-talde hauek gako direla aipatzen du: gizonekin sexua duten gizonak, sexu-langileak, pertsona transgeneroak, drogak injekzioz hartzen dituztenak, eta preso daudenak. Horiek guztiek prebentzioa eta tratamendua eskura dutela bermatzea lehentasunezkoa da, editorialgileen arabera. Bukatzeko, OMEren agendan ere hiesaren pandemia amaitzeari lehentasuna ematea eskatzen du The Lancet-en editorialak.
Elhuyarrek garatutako teknologia