Taldean bizi diren ugaztunak bizitza luzeagoko espezieak direla ondorioztatu du Pekingo ekologia eta kontserbazioko ikerketa-zentro batek, ia mila animalia baino gehiago aztertuta.
Antzeko neurria eta pisua zituzten animaliak alderatu zituzten, eta begiratu zuten haien bizi-luzeretan alderik ba ote zegoen, eta komunitatean ala bakarrik bizi ziren. Eta ikusi dute erlazio zuzena dagoela bi aldagai horien artean: taldean bizi direnek bizitza luzeagoa dute. Adibidez, Blarina brevicauda satitsua eta ferra-saguzar handia alderatu zituzten; lehena bakarka bizi da, eta bigarrena, taldean. Bada, satitsuaren bizi-itxaropena bi urtekoa da, eta saguzarrarena, berriz, 30 urtekoa izatea irits daiteke.
Ikertzaileek diferentzia horren gakoak ere aztertu dituzte geneetan, immunitate-sisteman eta hormonetan, eta ondorioztatu dute immunitate-sistema eta hormonak garrantzitsuak direla bai sozializazioan, bai bizi-itxaropenean. Oraindik ez dituzte mekanismo molekularrak argitu, baina badirudi taldean bizitzea lagungarria dela inguruneko egoera zailak gainditzeko eta estresa apaltzeko. Alde txarrak ere aipatu dituzte; lehia eta gaitzak hedatzeko erraztasuna, besteak beste. Baina alde onak gailentzen dira espezie horietan.
Gizakietan, auzia konplexuagoa dela onartu dute, bestelako eragileak ere aintzat hartu behar baitira, hala nola medikuntza eta informazioaren transmisioa.