ESA agentziak hiru satelite, Swarm misioaren satelite-konstelazioa, espazioratu ditu, eta, haien bidez, lau urtez aztertuko du Lur planetaren inguruko eremu magnetikoa. Helburua da magnetosferaren mapa zehatz bat osatzea.
Hiru sateliteak berdinak dira, eta hirurak poloen gaineko orbitatan jarri ditu ESAk. Baina hirurak orbita ezberdinetan daudenez, triangulazioa erabiliko dute magnetosferaren intentsitatearen aldaketak zehazki non dauden detektatzeko.
Swarm misioak, berez, planeta bera ikertuko du magnetosferaren gorabeherak aztertuta. Etengabe ari da aldatzen Lurraren eremu magnetikoa, eta aldaketa horiek planetari buruzko informazioa ematen dute. Esate baterako, zientzialariek susmatzen dute eremu magnetikoa pixkanaka indarra galtzen ari dela, eta, agian, polo magnetikoen iraultze-prozesu baten hasierako seinalea izango da hori. Adituak ez datoz bat gai horretan, baina, Swarm misioaren lanari esker, datu fidagarriagoak izango dituzte fenomenoari jarraipena egiteko.
Eremu magnetikoa gehienbat Lurraren nukleoan sortzen da, baina mantuak eta lurrazalak ere parte hartzen dute prozesu horretan. Ozeanoek ere sortzen dute eremu magnetiko txiki bat. Hain zuzen ere, Swarm misioaren sateliteek eremuaren iturriak bereizi ahal izango dituzte.