Sumendietan, agian, bai

Sumendietan, agian, bai
2008/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Agian sumendietako hodeietan agertu ziren lehenengo molekula organikoak Lurrean. Ondorio horretara iritsi dira Stanley Millerren ikasle izandako bi geokimikari, haren esperimentu famatuko flaskoak berriz aztertuta.

Miller 1953an saiatu zen azaltzen nola sortu ziren lehenengo partikula organikoak Lurrean. Garai hartan atmosferan ustez zeuden kondizioak errepikatu zituen flasko batzuetan, eta tximistak sorrarazi zituen, elektrodo batzuen laguntzaz. Hainbat osagai organiko sortu ziren flaskoetan; besteak beste, bizidunen proteinetan ageri diren bost aminoazido.

Baina ez zuen onespen handiegirik lortu zientzialarien artean, gero eta ziurragotzat jotzen baitute adituek garai hartako atmosferak ez zuela Millerrek proposatutako konposizioa. Diotenez, zegoen baino hidrogeno gehiago erabili zuen Millerrek.

Aipatutako geokimikariek oso tresna sentikor batez --NASAren masa-espektrometro batez-- aztertu zuten flaskoen edukia, eta ikusi zuten bost ez, hogeita bi aminoazido sortu zirela esperimentu hartan.

Nolabait azaldu nahi izan dute Millerren esperimentuan hainbeste molekula organiko agertu izana, kontuan hartuta ia ezinezkoa zela garai hartan hark proposatutako atmosfera egotea. Bada, esan dutenez, litekeena da Millerren kondizioak orduan Lurrean hain ugariak ziren sumendietan eratutako gas-hodeietan egotea, eta ingurune mugatu jakin haietan eratu izatea osagaiak.

1
248
2008
12
020
Biokimika; Eboluzioa
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila