Sumendiaren barrena

Sumendiaren barreneko bihotzean zer dagoen aztertzeko saihetsetan kolpe batzuk jotzea bezalakorik ez dagoela diote Tomoves (Vesuvioko Tomografia) izeneko programan diharduten bolkanologoek.

Sumendiaren barreneko bihotzean zer dagoen aztertzeko saihetsetan kolpe batzuk jotzea bezalakorik ez dago. Horixe da Tomoves (Vesuvioko Tomografia) izeneko programan diharduten bolkanologoek pentsatzen dutena. Joan den ekainean 400-800 kilo TNT-ko eztandak eragin dituzte Italian Vesuvio sumendiaren maldetan. Leherketa egiten denean, lurrikara txiki bat sortzen da, hau da, uhin sismiko txiki bat.

Uhin horrek errebote egiten du sumendiaren barneko geometrian eta gero, kaptadore batzuek jasotzen dute seinalea. Lurrazaleko 140 kaptadorek eta Napoliko badiako urpeko beste zortzik jaso dute isladatutako uhina.

Datu horiek guztiak analizatuta, hemendik bi urtera Vesuvio sumendiaren bihotza hiru dimentsiotan irudikatu ahal izango da. Bolkanologoek sumendiaren inguruko deformazioak hobeto ezagutu eta hurrengo magma-jaurtialdiak iragarri nahi dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila