Aurten, Srinivasa Varadhan ikertzaileari emango dio Abel saria Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiak, probabilitatearen teorian egin dituen ekarpenengatik. Batez ere, desbideratze handien teoria bateratua egin izana nabarmendu du akademiak. Horrenbestez, 755.000 euro jasoko ditu maiatzaren 22an Oslon egingo den ekitaldian.
Varadhan Indian jaioa da, Madrasen, eta 1963tik New Yorken aritu da lanean. Gaur egun, New York Unibertsitateko ikertzailea da, eta aurretik beste hainbat sari garrantzitsu ere jaso ditu bere lanengatik.
Akademiaren esanean, sistema estokastikoetan sortzen diren fenomeno ugari ulertzeko metodo bateratua eta bakarra eskaintzen du Varadhanen desbideratze handien gaineko teoriak. Sistema estokastiko horiek hainbat eremutan sortzen dira, hala nola teoria kuantikoan, fisika estatistikoan, demografia dinamikoan eta trafikoaren ingeniaritzan.