Estatu Batuetako JGI institutuak (Energy's Joint Genome Institute) sojaren genoma sekuentziatu du. Nekazaritzako landareen genomak sekuentziatzea lan nekeza izaten da, hibridazioen eraginez genomaren zati asko bikoiztuta izaten baitituzte. Hala, sojaren (Glycine max) genoma argitzeko hiru urte eta diru asko behar izan dituzte, baina garrantzitsua zen, gizakien eta animalien elikaduran ez ezik, biodiesela ekoizteko lehengai gisa ere erabiltzen baita soja. Orain lortu duten informazioarekin, barietate hobeak sortzea espero dute.