Sistema immuneak lagundu egiten dio Ebola birusari

Ebola oso birus hilgarria da; odol-hodiak hautsi eta barne-hemorragia itzelak eragiten ditu gizakiengan. 10 pertsonatik 9 hil egiten dira. Oraindik, ordea, ez dakite zergatik duen horren birulentzia handia. Azkeneko ikerketen arabera, birusa gorputzean sartzean sortzen diren antigorputz batzuek birusaren infektibitatea handitu egiten dute. Antigorputz gehienek bezala, birusaren kanpoko mintzari lotuta dauden glikoproteinak ezagutzen dituzte, baina, kasu honetan, birusa zelulan sartzea errazten dute.

Genetikoki eraldatu dituzten eta, ondorioz, ostalariaren heriotza eragin ezin duten birusekin egin zuten saiakera laborategian, alegia, zelulan sartu bai baina ugaldu ezin diren birusekin. Horrela, birusak hiru antigorputz-mota sorrarazten dituela ikusi dute, eta horietako batek bakarrik lagunduko lioke birusari zelulak infektatzen. Birusaren glikoproteinaren inguruan ezarri eta ohi den bezala sistema immunea aktibatzen badu ere, oraingoz ezezaguna den mekanismo baten bidez, birusa zeluletan sartzea erraztu egiten du antigorputzak.

Horrek txertoak garatu nahian lanean dihardutenen lana zailtzen du; izan ere, txertoek antigorputzen sorrera eragiten dute, eta birusari kalte egin beharrean laguntzen dioten antigorputzak ere sortzen dira. Hortaz, ebolari aurre egingo dioten antigorputzak bakarrik sortzen dituzten txertoak garatu beharko dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila