Serotoninak erabat eraldatzen ditu basamortuko otiak

Serotoninak erabat eraldatzen ditu basamortuko otiak
2009/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: T. Fayle)

Erresuma Batuko eta Australiako hiru unibertsitatetako zenbait ikertzaileren arabera, serotoninak erabat eraldatzen ditu basamortuko otiak (matxinsaltoen antzeko intsektuak). Animalia horiek ortuak eta zelaiak suntsitzeko moduko izurriteak sor ditzakete ordu gutxian, serotoninaren eraginez.

Basamortuko otiak (Schistocerca gregaria), oro har, animalia bakartiak dira, eta ez dira deigarri gertatzen. Horien dentsitatea muga jakin batera iristen denean, ordea, animalia taldekoiak bihurtzen dira. Elkarri laguntzen diote, oso azkar ugaltzen dira, eta ohiko beren habitatetik milaka kilometrora mugitzen dira. Jarrera aldatzearekin batera, itxura eta kolorea ere aldatzen dituzte.

Horren guztiaren erantzule da, hain zuzen ere, serotonina. Izan ere, ikertzaileek egindako zenbait esperimentutan ikusi dute serotoninaren jarduera edo ekoizpena blokeatuz gero ez direla taldekoi bilakatzen. Serotonina-ekoizpena sustatuz gero, ordea, taldekoi bilakatzen dira, beste estimulurik gabe.

1
251
2009
3
005
Zoologia
Berriak labur
5
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila