Sendagaien hondakinak uretan ez agertzeko materialak garatu dituzte NUPen

sendagaien-hondakinak-uretan-ez-agertzeko-material
Leticia Santamaría Arana ikertzaileak doktoretza-tesian zehar garatu du ura garbitzeko metodologia berria. Arg. NUP

Gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute kontsumitzen ditugun botiken arrastoek uretan amaitzen dutela azkenean: ibaietan, edaten dugun uretan eta baita lurpeko uretan ere. Hain zuzen botiken arrasto horiek jasotzeko bi sistema garatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Kimika Sintetiko eta Industrialeko ikerketa-taldeak, sendagaien hondakinak jaso eta ez daitezen iritsi lurpeko, azaleko edo kontsumoko uretara. Batez ere antiinflamatorio ez-esteroideoetan jarri dute arreta, gizakiez gain, albaitaritzan ere erabiltzen baitira.

Uraren kutsatzaile horiek atxiki eta bereizteko, hidroxido bikoitz laminarrak erabili dituzte: kutsatutako uretan sartzean, material horren geruzetan geratzen dira sendagaiak. Ekonomia zirkularrean oinarritutako metodologia garatu dute horretarako. Izan ere, hidroxidoak gatz-zepak erabilita sortu dituzte (aluminioa birziklatzean sortutako industria-hondakina). Hala, arriskutsua den eta, itxuraz, baliorik ez duen hondakin batek ingurumen-aplikazio bat izatea lortu dute. Material horretan lotuta geratzen dira uraren kutsatzaileak.

Bi modu ikertu dituzte uretan kutsatzaileen presentzia gutxitzeko: alde batetik, adsortzio-prozesuak, zeinetan interakzio kimiko eta fisikoen bidez sendagaiak uretik bereizten baitira, hidroxido bikoitz laminarren gainazalari itsatsita geratzean; eta, bestetik, prozesu fotokatalitikoak. Azken horietan, hidroxido bikoitz laminarrak titanioz eta burdinaz aldatzen dira, eta, argi ultramoreak emandako energiaren laguntzarekin, katalizatzaile gisa jarduten dute, kutsatzaile berriak degradatzeko. Ikertzaileen ustez, agerian geratu da hondakin arriskutsutan dagoen aluminioa balio erantsiko produktu bihurtu eta ur kutsatuak tratatzeko prozesuetan erabili daitekeela. Gainera, beste abantaila bat ere baduela nabarmendu dute: hondakinak arriskutsua izateari uzten dio, garbitu eta aluminioa atera eta gero.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila