Sendagaidun ukipen-lenteak

Begiko gaixotasunen tratamendua erraztuko duten lenteak diseinatu dituzte Floridako Unibertsitateko ingeniari kimikoek. Lente berezi horien barneko nanopartikuletan doa sendagaia; hartara, sendagaia poliki-poliki askatzea lortzen da, eta behar den kantitatea, gainera.

Begien gaixotasunen tratamenduan, sendagai-tantak botatzea izaten da ohikoena. Baina ez dirudi oso eraginkorra denik. Izan ere, malkoen erruz, sendagaiaren % 5 inguru bakarrik heltzen da komeni den lekura. Sendagaiak, gainera, albo-ondorio arriskutsuak izaten ditu. Sendagaia sudur-hobietara jaitsi eta odolera pasatzen da eta bihotzeko arazoak eta beste ondorio larri batzuk sortzen ditu.

Bestalde, begian pila daitezkeen bakterioei aurre egiteko, badirudi nanopartikuletan antibiotikoak ere sar daitezkeela.

Luzera begira, sendagaidun ukipen-lenteek tanten lekua hartzea espero dute, baina oraindik diseinu hutsa baino ez dira, ez baita proba klinikorik egin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila