Semenak GIBaren kontrako mikrobiziden eraginkortasuna murrizten du

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

semenak-gibaren-kontrako-mikrobiziden-eraginkortas
Partikula erretrobiralak semeneko amiloide-zuntzexka bati itsatsita Arg. Janis A. Müller and Jan Münch, © 2014

Semenak GIB birusaren kontrako mikrobiziden eraginkortasuna nabarmen murrizten duela frogatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Lehenagotik frogatua zuten semenak GIBaren infekzio-ahalmena areagotzen duela, eta orain ikusi dute horrek berak zuzenean eragiten diola mikrobiziden eraginkortasunari. Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu dute lana.

Ikertzaileek adierazi dute horrek azal lezakeela laborategian birusak arrakastaz blokeatzen dituzten hainbeste mikrobizidek zergatik gero ez duten ongi funtzionatzen pertsonetan. Hainbat mikrobizidekin egin dituzte probak, semenarekin eta semenik gabe duten eraginkortasuna konparatuz, eta ikusi dute semena tartean dagoenean 20 aldiz txikiagoa dela mikrobiziden eraginkortasuna.

Semenean dauden amiloide-zuntzexkek GIBaren infekzio-ahalmena handitzen dute. Birusak zuntzexka horietara lotzen dira, eta birus-multzoak osatzen dituzte. Horrek erraztu egiten du zeluletara itsastea eta haiek infektatzea. Ikertzaileek adierazi dutenez, efektu hori nahikoa da mikrobiziden eraginkortasuna nabarmen urritzeko. Izan ere, mikrobizida gehienek zuzenean birusen kontra egiten dute, haiek hautsiz edo infektatzeko-ahalmena deuseztatzen saiatuz. Ikerketa honetan aurkitu duten salbuespen bakarra beste mota bateko mikrobizida baten kasua izan da (Maraviroc). Mikrobizida horrek zelula ostalarien errezeptoreetan eragiten du, eta kasu horretan semenak ez du eraginkortasuna txikitzen.

Mikrobizidak hobetzeko bide bat haiekin batera amiloide-zuntzexken kontra egingo duten botikak erabiltzea izan litekeela proposatu dute ikertzaileek. Eta, edonola ere, azpimarratu dute ezinbestekoa dela aurrerantzean mikrobizidak laborategian probatzean, semenarekin egitea.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila