San Paulo garbituz

Frantziaren menpeko San Paulo irla Ozeano Barean dago eta zortzi kilometro karratuko azalera du. Jatorrizko fauna eta landaredia berreskuratzeko plan bat aplikatuko zaio otsailetik aurrera. Biologoek irlako fauna eta itsas hegaztiak arriskutan jartzen ari diren ugaztun arrotzak akabatzeko argi berdea jaso dute.

San Paulo eta aldameneko Amsterdan irlak XVI. mendean aurkitu zituzten. XVIII. mendean 3.000 km iparrekialdera dagoen Reunion irlako arrantzale frantziarrek kolonizatu zuten San Paulo. Arrantzaleek basoak bota, landareak erre eta hegaztiak eta fokak ehizatu zituzten. Beren untzietan arratoiak, polizoi moduan, iritsi ziren eta untxiak okela freskoa segurtatzeko eraman zituzten. Biologoen ustetan, garai hartako espezieen erdia desagertu da biztanle berrien lanari esker.

Untxiek San Pauloko landaredia guztiz aldatu dute. Higadura handia eragin dute gainera.

Hanka zurbileko gabaia.

Salbatu nahi diren itsas hegaztien artean Macgillivray ekaitz-txoria eta hanka zurbileko gabaia daude. Macgillivray ekaitz-txoria endemikoa da San Paulon eta 100-150 bikotek beren habiak irlatik 100 bat metrora dagoen harritzar batean egiten dituzte. Biologoak beldur dira, arratoiek ur-kanal estua igeriz gurutzatu eta harritzarreraino iritsiko ote diren

hegazti-kolonia osoa desagertarazi egingo dutelarik

Hanka zurbileko gabaiak bestetik, San Paulon du Ozeano Bareko habialeku bakarra.

Arratoiak eta untxiak akabatzeko kanpaina otsailean hasiko da. Irlan dauden espezieen inbentarioa egingo da lehen-lehenik. Urtebete geroago, 10 tona pastila antikoagulante sakabanatuko dira airetik irla osoan zehar. Behar izanez gero beste 5 tona pozoi barreiatuko dira hilabete geroago.

Zeelanda Berrian egin diren azterketek aditzera eman dutenez, bertako espezieei ez diete pastilek kalterik eragingo. Itsasoan eroriko direnak, hegaztien jatena diren arrainak jan baino lehen desegingo dira. Gainera, arratoi eta untxiak beren zuloetan hilko direnez, lantzean behin sarraskiak jaten dituzten itsas hegaztiak ez dira pozoitzeko arriskutan izango.

Planteatutako prozedurak egoki funtzionatuko balu, prozedura bera beste toki batzuetan era aplikatuko da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila