Salba dezagun korala

Hamar urte dirauen gatazkak punturik gogorrenera iritsiko da uda honetan, mundu osoko zientzilariak bildu eta koral-arrezife liluragarri bat salbatzeko neurriak har ditzan Japoniako gobernua presionatuko dutenean. Naturaren babeserako erakundeek uste dutenez, presio honek Japoniako gobernuak Xiraho arrezifetik gertu aireportu bat egiteko dituen planak bertan behera uztera bultza dezake. Xiraho arrezifea Japoniako hegoaldeko Ixigaki irlan dago.

Arazo honek, Japoniak ekologiarekiko duen jarrera frogatzeko balioko du. Arrezifea salbatu nahi dutenek, Naturaren Salbamenturako Nazioarteko Batasunak (IUCN) eginiko azterketa bat hartu dute oinarritzat.

IUCNren txostenak dioenez, iparremisferioko koral urdinezko (Heliopora coerulea) arreziferik zaharrena eta handiena da eta bere zientzi balioa kalkulaezina da gainera. Zientzilariek 130 koral-espezie desberdin aurkitu dituzte bertan.

Eraikuntz lanetan uretara botatzen den buztin eta lurrak koralak hil egiten dituzte eta horrelaxe gertatu da Xirahokoaren inguruetan. Xiraho arrezifearen arriskua, egin nahi den aireportu-pista berria da. Gainera, arrezifea bisitatzera turista gehiago ekarri nahi delako egin nahi dute pista.

Bertako gobernuak eta biztanleen bi herenek aireportu berriaren alde presioa egin dute 1970.eko hamarkadaz geroztik. Beraien ustetan gaur egun dagoen aireportua gainezka eginda dago eta gainera arriskutsua da. Aireportu berria Tokiotik etorritako abioi handiak onartzeko gauza izango litzateke.

Bertako arrantzaleak hasi-hasieratik egon dira aireportu berriaren aurka, beren bizimodua arrezifean bizi diren arrainen arrantzatik lortzen dutelako.

Ekologisten eta arrantzaleen presioak izan du eragina. Izan ere, aireportua hasiera batean pentsatu baino 5 km iparralderago egin nahi dute orain. Tokioko agintarien ustetan, kokapen berriak arrezifea hondatzeko arriskuei itzuri egiten die.

Ekologisten esanetan, plan berriaren arabera, pistaren argiak kokatzeko egin behar diren lanak arrezifetik 300 m-ra bakarrik burutuko dira. Eraikuntz prozesuan zehar sortutako hautsak koralak hil ditzake, bizitzeko behar-beharrezkoa duten argia beraienganaino iristea oztopatuko duelako. Horrelaxe dio, Monacoko Ozeanografi Institutuko François Doumenge-k eginiko azterketak.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.