Sahara uste baino bi bider zaharragoa da

Duela 7-11 milioi urte hasi zen sortzen

Leturia Yurrita, Iñaki

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

sahara-uste-baino-bi-bider-zaharragoa-da
Arg. Patrick Poendl / 123RF

Onartua eta zabaldua dago Sahara garai batean oihana izan zela eta momentu batean lehortu egin zela, egun den basamortua bihurtuz. Aldaketa hori 2-3 milioi urte atzera, Kuaternarioan kokatu izan dute geologoek. Garai hartan hasi ziren Ipar Hemisferoko glaziazioak, Sahara berde mantentzen zuten montzoien dinamika aldatu zuen eta horrek eragin zuen idortze prozesua. Ondoren agertu diren datuek, hala ere, zalantza jarri dute hipotesi hori. 7 milioi urteko dunen arrastoek iradokitzen dute Sahara uste zena baino zaharragoa dela, baina lehenagoko desertifikazio horren azalpena falta zen.

Orain, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek dio, kasu honetan ere, montzoien zirkulazioan gertatutako aldaketak izan zirela lehortze prozesuaren eragileak. Ikertzaileen esanetan, duela 7-11 milioi urte hasi zen Saharako basamortua sortzen zen eta beste kausa bat medio gainera. Miozeno garai geologikoari dagokion adin Tortoniarrean, egun Mediterraneoa denaren ingurua estaltzen zuen Tethys itsasoak atzera egin zuen, eta, ondorioz, montzoien eragina ahuldu egin zen Sahara inguruan.

Eredu matematikoak erabiliz frogatu dute hori. Are gehiago, itsasoaren atzeraldiak ezegonkorragoa bihurtu zuen klima Lurraren orbita-aldaketen aurrean. Hala ere, Sahara ez zen bat-batean basamortu bihurtu: aldi hezeak eta lehorrak tartekatzen hasi ziren, eta klima-aldaketak  landaretza eta fauna berria agertzea ere ekarri zuen. Gainera, litekeena da bilakaera hau beste aldaketa handiago baten atzean egotea: garai horretantxe hasi ziren lehen hominidoak Afrikan, eta batez ere Saharan, agertzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila