Saguzarrek birusak nola toleratzen dituzten azaltzeko hipotesi berriak plazaratu dituzte

Saguzarren zelula ama pluripotenteak lortzeko teknika berri bati esker, ikusi dute sekuentzia birikoen biltegi erraldoia dela saguzarren genoma.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

saguzarren-birusak-nola-toleratzen-dituzten-azaltz
Arratoi-belarria (Myotis myotis). Arg. Akademie věd České republiky / Czech Academy of Science (Pavlína Jáchimová) / CC-BY-SA

Saguzarrek hainbeste birus nola jasaten dituzten ulertzeko zantzu berriak topatu dituzte haien zelula ametan. Hain zuzen ere, birusekiko tolerantzia ikertu ahal izateko, saguzarren zelula ama induzituak sortzeko teknika ondu dute. Eta teknika horri esker, askoz ikerketa gehiago egin ahal izango dira laborategian, aurrerantzean. Cell aldizkarian argitaratu dute lana.

Saguzarrak gainerako ugaztunekiko desberdinak dira gauza askotan. Esaterako, beste edozein ugaztunek baino askoz birus gehiago ostatatzen dituzte (tartean, gizakientzat hilgarriak diren birusak), kalte nabarmenik izan gabe. Hain zuzen ere, hori nola lortzen duten ikertzea zen ikerketa honen helburua. Horretarako behar adina lagin lortzea oso zaila da, ordea, eta pentsatu zuten zelula ama pluripotenteak sortzea izan zitekeela bide bat. Izan ere, zelula horiek laborategian manten daitezke, eta kasu bakoitzerako behar diren zelula-motak sor daitezke gero haietatik. Beste ugaztun batzuen zelula ama pluripotente induzituak sortzeko protokoloak ez zuen balio izan saguzarrentzako. Baina, ikertzaileek lortu zuten behar zen faktoreen konbinaketa aurkitzea.

Bi saguzar-espezierekin lortu dituzte zelula amak: ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta arratoi-belarria (Myotis myotis). Ebolutiboki nahiko urrun daude bi espezieak, eta, beraz, espero dute teknikak balioko duela ia saguzar guztientzat; are ugaztun gehiagorentzat ere. 

“Gainerako ugaztun guztien aldean, saguzarrek muturreko biziraupena dute, birusekiko jasankortasun handia, eta tumoregenesi oso baxua”, dio Joxerra Aihartza Azurtza EHUko zoologoak, saguzarretan aditua. “Saguzarren izaera dela eta, gai horiek aztertzea izugarri zaila izan da orain arte; batetik animaliok gatibutzan mantentzea oso zaila delako, eta, bestetik, oso ugalkortasun baxua eta ziklo biologiko geldoak dituztelako. Gauzak horrela, saguzarren bi adar filogenetiko nagusietako espezie banatik zelula ama pluripotenteak lortzea sekulako lorpena da. Ikerketarako ate berriak zabaltzen ditu, batez ere, maila zelularrean, ontogenikoan, genetikoan edo immunologikoan”.

Zelula ama horiek aztertuta, ikusi zuten sekuentzia biral aktibo asko zeudela. Birusek zelula jakin batzuei eragiten diete, normalean. Baina zelula ama pluripotenteen mailan hainbeste birus aktibo topatzeak harritu egin ditu ikertzaileak. “Batetik, saguzarrek birusen biltegi izateko duten ahalmena azaltzen digu honek, animaliok birusak "zerotik" (euren genomatik zuzenean) birsortzeko gaitasuna izan dezaketela iradokitzen baitu, eta naturan gerta daitezkeen hainbat birus-eztanda ulertzen lagun dezake”, azaldu du Aihartzak. “Eta, bestetik, halako bizikidetza posible egiten duen saguzarren sistema immunologiko bereziaren nondik norakoak aztertzeko aukera eskain dezake; ikergai zirraragarria bere horretan, baina alde aplikatutik ere garapen handia izan lezakeena, akaso”.

Hain zuzen ere, ikertzaileek iradoki dute saguzarrek ez dutela birus horien aurka egiten, haiek erreplikatzen jarraitzeak abantailaren bat ekarriko dielako: adibidez, litekeena dela beste birus batzuekiko defentsa-estrategia bat izatea, edo txerto gisa funtzionatzea.

Horiek hipotesiak baino ez dira, baina ikertzaileak ziur daude, saguzarren zelula amak sortzeko teknikari esker, laster izango dituztela erantzun gehiago

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila