Saguzarrak, presio-aldaketak akabatuta

Saguzarrak, presio-aldaketak akabatuta
2008/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Urpekariek azalera azkarregi ateraz gero izan ohi duten arazo bera eragiten dute aerosorgailuek saguzarretan: biriketako barotraumatismoa. Presioa azkarregi jaisten da, eta, horren ondorioz, biriketan izan ohi duten airea hedatu egiten da, eta biriketako albeoloek eztanda egiten dute. Albeoloak lehertzean sortzen den odoljarioak akabatzen ditu, bai urpekariak, bai saguzarrak.

Ondorio horretara iritsi da Kanadako Calgary Unibertsitateko ikertzaile bat, parke eolikoetan hildako 75 saguzarri disekzioa eginda. Antza denez, aerosorgailuen hegalek presio-jaitsiera handia eragiten dute mugitzean, eta saguzarren bat hegaletatik hurbil badabil, aipatutako birika-leherketa eragiten dio presio-aldaketak.

Aspaldi zebiltzan zientzialariak jakin nahian nola hiltzen diren saguzarrak parke eolikoetan. Izan ere, saguzarrek errazago antzematen diete mugitzen ari diren hegalei geldirik daudenei baino, duten sonarrari esker. Hortaz, oso gutxi hiltzen dira hegalen kontra jota (hildako saguzar gehienek ez dute kanpoko zauririk izaten).

1
246
2008
10
018
Zoologia; Energia berriztagarriak
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila