Rosalind Franklinen ekarpen zientifikoa Watson eta Crickenaren parekoa izan zela baieztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

rosalynd-franklinen-ekarpen-zientifikoa-watson-eta
Rosalynd Franklin mikroskopioarekin lanean, 1955ean. Arg. MRC Laboratory of Molecular Biology/CC 4.0

Rosalind Franklin zientzia-arloko bazterkeriaren adibide ezagunenetako bat da. Izan ere, jakina da James Watsonek eta Francis Crickek Franklinek egindako lana (bereziki, 51 argazkiaren izenez ezagutzen den irudi ikonikoa) baliatu zutela DNAren egitura asmatzeko. Alabaina, bi ikertzaileek ez zioten halakorik aitortu Franklini, eta aipamen bat baino ez zioten egin, DNAren egitura argituz Nature aldizkarian, justu duela 70 urte, argitaratu zuten artikuluaren amaieran. Gerora, Franklinen ikerketa azaleratu bada ere, zalantzan jarri da zenbateraino jabetzen zen irudi haren esanahiaz. Orain, garaiko dokumentu batzuek agerian jarri dute Watsonek eta Crickek bezainbeste ulertzen zuela DNAren egitura.

Matthew Cobbek eta Nathaniel Comfortek aztertu dituzte dokumentu horiek. Baieztatu dutenez, Franklin ez zen Watsonen eta Cricken “biktima” bat izan, orain arte azaldu izan den moduan, baizik eta DNAren egitura aurkitu zuen kideetako bat: Maurice Wilkinsekin batera, “arazo zientifikoa artikulatu zuen taldearen erdia izan zen, konponbide baterako hasierako urrats garrantzitsuak eman zituen, datu erabakigarriak eman zituen eta emaitza egiaztatu zuen”.

Historia osatzen lagundu duten dokumentuak dira, batetik, Joan Bruce kazetariaren zirriborroetan aurkitutako idatzi batek, zeinak Franklini jasotako adierazpenak baitzituen, eta, bestetik, Franklinen kideetako batek Cricki idatzitako gutun bat. Bietan argi geratzen da Franklinek DNAren egitura ulertzen zuela. 

Cobbek eta Comfortek Nature-n bertan azaldu dute hori guztia, eta DNAren egituraren aurkikuntza bi talderen lanaren emaitza izan zela argitu dute: Franklinek eta Wilkinsek lan esperimentala egin zuten, eta Watsonek eta Crickek, berriz, teorikoa. Hain zuzen, 1953ko apirilaren 25 hartan, Watson eta Cricken artikuluarekin batera, Wilkinsen eta Franklinen eta bakoitzaren taldekideen beste artikulu bana ere argitaratu zituen Nature aldizkariak. Horrez gain, adierazi dute Franklin, ageriko diskriminazio sexistaren aurka ez ezik, bazterkeria-mota ezkutuagoen aurka ere bazegoela, eta horietako batzuk gaur egun ere badaudela.

Franklin 77 urterekin hil zen, 1958an, obarioko minbiziak jota. Lau urte geroago jaso zuten Nobel saria Watsonek, Crickek eta Wilkinsek, DNAren egitura argitzeagatik.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila