Robotak erruz erabiltzen dira industria-prozesuetan, ataza errepikakorrak azkar, zehatz eta modu fidagarrian egiteko duten ahalmenagatik. Gaur egun, kontrolagailu digitalen bidez eragiten zaie robot horien giltzaduren motorrei. Horiek guztiek modu eraginkor batean lan egin dezaten garatzea eta programatzea erronka handia da. Unai Ugalde Olea EHUren Teknologia Elektronikoaren Saileko irakasleak robot horiek energia-eraginkortasun handiagoz higiarazteko bidea aztertu du, eta kasu batzuetan energia-kontsumoa % 40 murrizten dela ikusi du laborategi mailan.
Kontrolagailu digitalek une jakin batzuetan (denbora diskretuan) baino ez dituzte aginduak ematen; “aginduak laginka edota taupadaka bidaltzen dituztela esan daiteke: orain bat, eten txiki bat, eta gero beste bat, eten txiki bat...eta horrela” azaldu du Ugaldek. Hain zuzen ere, agindurik gabeko lagin-arte horretarako proposamen berri bat egin du EHUko ikertzaileak lan honetan.
Oro har, industrian, agindu berri bat helarazten ez den bitartean, azkenengo aginduari eusten zaio. Alegia, kontrol-agindu berria heldu arte, aurrekoari egiten zaio kasu. “Ikerketa honetan ikusi dugu joera hori alda daitekeela. Azken agindua ez ezik azkenaurrekoa ere oinarritzat hartuta, bi balio horien funtzio polinomiko bat erabili dugu prozesua nolabait berreraikitzeko” adierazi du Ugaldek. “Horixe izan da, hain zuzen, ikerketaren berrikuntza” gehitu du.
“Frakzio-ordenako berreraiketa” deritzon metodologian oinarritu da Ugalde, eta egiaztatu du metodologia hori bereziki interesgarria dela izaera malgua duten giltzaduretan, roboten ukondo eta eskumuturretan, besteak beste. Laborategian egindako entseguek erakutsi dute “motorrak higitzeko eskatzen duen energia nabarmen murrizten dela, kasu idealizatu batzuetan % 40ra arte, agindutako ibilbidearen zehaztasuna galdu gabe” adierazi du Ugaldek. Hurrengo urratsa litzateke industria mailan ere horrenbesterainoko aurrezpena lor daitekeen edo ez ikustea. Ikerketaren emaitzak Control Engineering Practice aldizkarian argitaratu dituzte.