Robert Wilhelm Von Bunsen

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Kimikari aleman hau Göttingen-en jaio zen 1811.eko martxoaren 31n. Bere ikasketak jaioterrian bertan egin zituen, 1830. urtean Kimikan doktoregoa lortu zuelarik.

Frantzian, Alemanian eta Austrian bidaiak egin zituen, irakaskuntzan hastea erabaki zuen arte. 1836. urtean Kassel-go Institutu Politeknikoan kimika-irakasle izan zen eta 1838.ean Marburg-eko Unibertsitatean irakasle-plaza lortu zuen. Breslau-n ere irakatsi zuen, eta 1852.ean Gmelin hil zenean, Heidelberg-eko Unibertsitatean haren lekua eman zioten.

Burdina (III) oxido hidratatua edo artseniko-pozoiaren kontrako antidotoa aurkitu zuen 1834. urtean.

Bere lehen ikerketak 1837-1842 bitartean egin zituen. Artsenioaren konposatu organikoak ikertu zituen eta bere lanak baliagarriak izan ziren XX. mendearen hasieran Paul Ehrlich-ek kimioterapia arrakastaz garatu zuenean. Bunsen ikerketa haiek egiten ari zenean, laborategian eztanda izan zen eta begi bat galdu zuen. Horrez gain, bere lanean emeki-emeki arnastutako artsenikoa zela eta, ia hiltzeraino pozoitu zen. Bere ikerketa haiek amaitu eta handik aurrera kimika organikorik ez zuen jorratu.

1841. urtean, Bunsenek ikatzez eta zinkez osatutako pila lortu zuen, eta 1844.ean, koipe-orban baten bidez argia neurtzeko gai zen fotometroa.

Labegaraietan sortzen diren gasak analizatzen ere aritu zen eta bero-galerak neurri batean murrizteko metodoak iradoki zituen. Beroaren ehuneko 50-80 alferrik galtzen zela egiaztatu zuen eta bere ikerketen emaitzak argitaratu zuen liburu bakarrean, Gasometrische Methoden izenekoan (1857), eman zituen aditzera.

Gasak analizatzeko sistema berriak ere asmatu zituen. Horrez gain, gasen disolbagarritasuna neurtzeko aparatua, gasen irteera-abiadura neurtzekoa, izotz-kalorimetroa (1870.ean) eta lurrin-kalorimetroa (1887. urtean) asmatu zituen. Gai honen hariari jarraituz, Islandiako geyserrak aztertzeari ekin zion 1850. urte inguruan, esplikazio zehatzak eman zituelarik.

Magnesioa egoera metalikoan lortzen lehena izan zen (1851). Ezaugarri fisiko eta kimikoak aztertuta, airetan erreta oso argi distiratsua sortzen zuela frogatu zuen. Horregatik, asko erabili zen harez gero fotografian.1854. urtean kromoa isolatu zuen, kromoaren kloruroei elektrolisia eragin ondoren.1855-1863 bitartean, Roscoe-rekin batera saiakuntza batzuk egin zituen argiaren eragin kimikoari buruz.

Dena den, bere asmakuntzarik famatuena, airea erre behar den gasarekin nahas dadin hondoan zuloa duen metxeroa da. Gas/ /aire nahasteak gar bero, ilun eta kerik gabea du eta edozein eskolatako laborategi kimikoan lana egindako inor ez dago Bunsenen metxeroaz gogoratuko ez denik, baina egia esan, Bunsenek baino lehen Faraday-k horren antzeko bat erabilia zuen jadanik.

Bunsenek 1859. urtean Kirchhoff-ekin batera espektroskopiaren arloan saiakuntzak egiten hasi zen eta 1860.ean espektroskopioa asmatu zuten. Espektroan agertzen diren marrak, elementu kimiko bakoitzak bereak eta bereziak dituela frogatu zuten, eta berehala identifikatu zituzten zesio eta rubidio izeneko elementu kimiko berriak. Gero beste zientzilari batzuek, espektroskopia ortzea aztertzeko erabiliko zuten.

Bunsen bere bizialdian ez zen ezkondu, eta hark zioenez arrazoia denbora eza zen. Mutilzahar hil zen, beraz, Heidelbergen 1899.eko abuztuaren 16an.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila