Robert Langlands matematikariak jasoko du 2018ko Abel saria, Matematikaren hainbat diziplina bateratu izanagatik. Hogeita hamar urte pasatxo zituela garatu zuen orain saritu duten teoria, 1967an, eta matematikaren bi esparru lotu zituen hartan: zenbakien teoria eta analisi armonikoa, ordura arte inork erlazionatu ez zituenak. Gerora, ordea, matematikaren teoria bateratu baten gisa hartu izan da haren lana.
Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiaren arabera, “pentsatzeko modu berria ekarri zuen matematikan”. Langlandsek proposatu zuenak zabalkunde handia izan du ordutik, eta munduko ehunka matematikari joan dira teoria hartatik sortutako Langlands programan parte hartzen.
Kanadan jaioa da Langlands (1936an), eta egun irakasle da Princeton-eko Ikerketa Aurreratuen Institutuan (AEB). Maiatzaren 22an jasoko du Abel saria, matematikaren Nobel sariaren parekotzat hartzen dena.
Elhuyarrek garatutako teknologia