RNA txikiek gehiegizko itxaropena piztu dute?

Zientzialari batzuek ohartarazi dutenez, agian RNA txikietan edo RNA interference-an (RNAi) jarritako itxaropena gehiegizkoa izan da. Haien esanean, orain sendaezinak diren gaixotasun batzuk tratatzeko RNA txikiak erabili ahal izateko, oinarrizko galdera batzuei erantzun beharra dago, eta hori ez da egun batetik bestera lortuko.

Hain zuzen ere, Science aldizkariak urteko aurrerapen zientifiko garrantzitsuenen zerrenda argitaratzen du urtero, eta iaz lehenengo postuan jarri zituzten RNA txikiak. Zer egin dute toki hori merezi izateko? Bada, RNAk proteinak osatzean DNAren aginduei jarraitzeaz gain, zati txiki baina berezi horiek geneen espresioarekin zerikusia dutela erakutsi dute. Zientzialariek gaitzekin lotuta dauden geneak blokeatzeko erabil zitezkeela ikusi zuten, eta hainbat gaixotasun sendatzeko nola erabili ikertzen hasi ziren.

RNAi-an oinarritutako teknologia dagoeneko erabili dute saguen tumore batzuk desagerrarazteko, baita giza zelulen hazkuntzetan GIB birusaren ugalketa gelditzeko ere. Alabaina, klinikan erabiltzerako, oztopo handiak gainditu beharko dituzte; adibidez, RNA DNA baino askoz ere ahulagoa da, minutu gutxi batzuk besterik ez du irauten disoluzioan; beraz, hura egonkortzeko era aurkitu behar dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila