RNA-injekzio batez, barraskilo batetik bestera oroimena transferitzea lortu dute

rna-injekzio-batez-barraskilo-batetik-bestera-oroi
Aplysia californica itsas bareekin egindako esperimentuek agerian jarri dute oroimena gordetzeko mekanismo epigenetiko ez-sinaptiko bat egon daitekeela. Arg. Genny Anderson/Wikimedia

Oroimenari buruz dakiguna kolokan jar dezakeen ikerketa bat egin dute Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariek: Aplysia californica espezieko itsas bareak hartuta,  buztanean kableak ezarri eta hainbat deskarga elektriko eman zizkieten. Hala, sentsibilizatuta geratu ziren animaliok, eta buztanean ziztada ematen zietenean, deskargak gogoratuta, beren zakatzak uzkurtzen zituzten, beren burua babesteko mekanismo gisa. Bada itsas bareak sentsibilizatu ondoren, haien nerbio-sistema zentraleko RNA erauzi eta beste itsas bare batzuetan injektatu zuten ikertzaileek. Emaitza ikusgarria izan zen: itsas bare horiek ere sentsibilizatuta azaldu ziren, deskarga elektrikoen oroimena jaso balute bezala. Hortaz, ikertzaileen ustez, RNA molekulak egon daitezke inplikatuta barraskiloan defentsa-erreflexua eragiten duten oroimenen sorreran.

Orain arte pentsatu izan da epe luzeko oroimena neuronen arteko sinapsietan gordetzen dela, eta konexio horiek ugaritu eta sendotu ahala finkatzen direla oroitzapenak. eNeuro aldizkarian argitaratutako lan honek, ordea, oroimenaren eredu sinaptikoa sinpleegia dela jarri du agerian. RNA ez-kodetzaileak eragindako aldaketa epigenetikoak ere epe luzeko oroimen batzuen oinarrian egon daitezkeela iradoki du.

Oraindik argitu gabe dago zein mekanismoren bidez gertatzen den, eta ikertzaileek adierazi dute oroimenaren sorreran zein RNAk parte hartzen duen identifikatzeko saiakera egingo dutela aurrerantzean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila