EHUko Raul Ibáñez matematikariak jasoko du Jose Maria Savirón dibulgazio-saria, matematika dibulgatzeko egin duen lanarengatik. Ibañezek Divulgamat web-orria kudeatzen du (http://www.divulgamat.net), eta komunikabide askotan egiten ditu lankidetzak matematika dibulgatzeko.
Ez da ohikoa dibulgazioa egitea unibertsitateko irakasleen artean. Ibáñezek bide hori hartu zuen, eta, dagoeneko, hamar urte egin ditu matematikaren dibulgazioan. "Unibertsitateek eta administrazioek zientzia-dibulgazioa garrantzitsua dela onartzea lortu dugu. Orain, gure lana aitortzeko garaia da, eta horregatik da garrantzitsua saria" dio Ibáñezek.
Hamar urte hauetako lana oihartzun handikoa izan da. "Esperientziak erakutsi dit egin dudan dibulgazioaren arrakasta gauza batean oinarrituta dagoela: publikoak baduela kultura matematikoan interesik, nahiz eta litekeena izan komunikabideek, administrazioek, fundazioek eta beste erakunde batzuek kontrakoa pentsatzea".
Jose Maria Savirón saria zientziaren arloko Espainiako erakunde askok osatutako elkarte batek sortu zuen 2005ean, eta bosgarren edizio honetan matematikaren dibulgazioari ematea erabaki dute.