Pulsarren antzera telefonoz

Pulsarren antzera telefonoz
2008/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Pulsarrak neutroi-izarrak dira, eta, harrigarria bada ere, oinarri gisa erabili dituzte telefono mugikorretarako teknologia bat garatzeko. Hain zuzen, erradiazioa igortzeko pulsarrek duten modu berezia imitatzen duen tresna berri bat prestatzen ari dira Mexiko Berriko Los Alamos laborategian.

Pulsarrek hainbat motatako erradiazioak igortzen dituzte, zorrotadaka, eta zorrotada horiek beti norabide berean ateratzen dira. Mexiko Berriko taldeak esan duenez, pulsarretako erradiazio-zorrotaden antzera igortzen ditu beren tresnak irrati-uhinak. Uhin horiek, dena den, ez dira ohikoak, oso intentsitate txikikoak eta oso irismen handikoak dira. Hala, besteak beste, munduko leku urrunenetan dauden telefono mugikorrak martxan aritu ahal izatea posible egingo duela esan dute.

Polarizazio-sinkrotroi izena jarri diote sortu berri duten tresnari. Oraingoz, frogatu dute hiru kilometroko espazioan uste bezalako ezaugarriak dituztela irrati-uhinek, eta, horretarako, orain dela bost urte egindako prototipoa erabili dute (bi metroko luzera duen arku bat da). Dena den, askoz tresna txikiagoak prestatzen ari dira, ordenagailu eramangarri baten tamainakoak edo, merkatuan bideragarria dela frogatzeko.

1
247
2008
11
018
Telekomunikazioak; Diseinua; Patenteak/Asmakizunak
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila