Prozedura kirurgiko eraginkorragoa arnasbideetako tumoreen kontra

img hspace="5" src="Images/A209-023.jpg" vspace="5"/>

Arnasbideetako tumoreak erauzteko prozedura kirurgiko berri bat erabili dute Ipar Karolinako (AEB) mediku-zentro batean, pazienteetan emaitza hobeak lortu eta etorkizunean laringe-minbiziaren kontra erabiltzeko asmoz.
Ebakuntza Jamie Koufman-ek eraman zuen aurrera; paziente bati papilomak erauzi zizkion, trakea oztopatu eta marranta ikaragarria sortzen duten garatxoak, alegia. Laser-mota biren konbinazioan datza erabilitako teknologia berria: CO2 laserrarena eta laser koloratzaile pultsatuarena, hain zuzen. Lehenengoak laringeko eta trakeako tumoreak erauzten ditu eta bigarrenak tumorea egondako oinarrian eragiten du hura berriz sortzea eragozteko. Bi laserrak bereizmen handiko bideoendoskopio bidez gidatu ziren, eta tresneria guztia sudurretik sartu zen, hodi bidez.

Orain artekoan behintzat, era honetako kirurgiak ebakuntza-gelan egin behar dira nahitaez. Gainera, anestesia osoarekin egiten da ebakuntza, eta sarritan gaua ospitalean pasatu behar izaten du pazienteak. Prozedura kirurgiko berriari esker, aldiz, kirurgia medikuaren kontsultan bertan egin daiteke; izan ere, pazientea guztiz esna dagoela egiten da, eta bukatu bezain laster etxera buelta daiteke.

Koufmanen arabera, metodo bera erabili ahal izango da laringe-kirurgien %50-70ean, besteak beste ahots-noduluen, polipoen, kisteen eta granulomen erauzketan eta beste hainbat lesio baskularretan. Gainera, etorkizunean laringe-minbiziaren kontra ere erabili ahal izatea espero du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila