Proteinen sekuentzia, Neanderthala ezagutzeko

img hspace="5" src="Images/A209-016.jpg" vspace="5"/>

Duela 75 mila urteko Neanderthal baten hezur bateko proteina bat erauzi eta sekuentziatu dute Max Planck Institutuko ikertzaileek Washingtongo Unibertsitatekoekin elkarlanean.

Orain arte sekuentziatu den proteinarik zaharrena da. Hain zuzen ere, osteokaltzina da proteina hori, eta gizakiarenaren berdina dela ikusi dute. Ondorio horretara iristeko, antzinako proteina horren sekuentzia beste espezie batzuen sekuentziekin alderatu dute: gizakiaren, txinpantzearen, gorilaren eta orangutanaren sekuentziekin. Ikusi dutenez, gorilarena desberdina da: posizio jakin batean hidroxiprolina du gainerakoek prolina duten lekuan. Gakoa dietan omen dago: gorila herbiboroa da eta behar adina C bitamina hartzen du —konposatu hori beharrezkoa da hidroxiprolina ekoizteko—. Gainerako hominidoek, berriz, ez dute beti bitamina hori izaten dietan, eta, batzuetan, larri ibiliko lirateke hidroxiprolina ekoizteko.

Bestalde, ikerketa honek nabarmen utzi du proteinak giltza direla duela milaka urteko gizakien eta hominidoen fisiologia eta dieta, besteak beste, hobeto ezagutzeko, DNAk ez baitu denboran hainbeste irauten.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila