Probiotikoak agian ez dira uste zuten bezain eraginkorrak ezta onuragarriak ere

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

probiotikoak-agian-ez-dira-uste-zuten-bezain-eragi
Arg. Artxibokoa

Ohikoa da probiotikoak hartzea, hesteetako funtzionamendua zaintzeko eta mirkobioma bere onera ekartzeko, adibidiez, antibiotikoak hartu ondoren. Ohitura hori, ordea, alferrikakoa izan daitekeela ondorioztatu dute ikertzaile batzuek. Are gehiago: probiotikoek mikrobioma bere onera etortzea oztopatu dezakete. Cell aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Bi esperimentu egin dituzte ondorio horietara iristeko. Haietako batean 15 boluntariok parte hartu dute. Haien mikrobiomaren laginak hartu dituzte, zuzenean hesteetatik, eta haien gorotzetako mikroorganismoekin alderatu dituzte. Lehen ondorioa, hauxe: orain arte uste izan dutenaren aurka, gorotzetako mikroorganismoak ez dira hesteetakoen ordezkari.

Horrez gain, beste ondorio bat ere atera zuten: 15 boluntarioek probiotikoak hartu zituzten, eta ikusi zuten batzuetan eta besteetan zuten eragina ez zela berdina, batzuen mikrobiomaren parte bihurtu baitziren probiotikoarekin hartutako bakterioak, eta besteek, berriz, kanporatu egin zituzten.

Ondorio esanguratsuenak, ordea, antibiotikoak hartu ondoren egindako esperimentuan atera zituzten. Hain zuzen, esperimentu horretan, 21 boluntariok antibiotiko-tratamendu bera hartu zuten. Ondoren, hiru taldetan banatu zituzten: batzuk antibiotikoak hartu aurretik beren gorotzetatik bildutako bakterioekin tratatu zituzten; beste batzuek probiotikoak hartu zituzten; eta azkenei ez zieten ezer eman.

Lehen taldekoak izan ziren bere onera etortzen lehenak; egun batzuk baino ez zituzten behar izan. Aldiz, probiotikoak hartu zituztenek ezer hartu ez zutenek baino denbora gehiago behar izan zuten mikrobioma osatzeko. Itxura denez, probiotikoekin hartutako bakterioek berek oztopatu egiten dute berezko mikrobioma osatzea.

Horrenbestez, ikertzaileek ohartarazi dute probiotikoak ez direla onak beti eta denentzat, eta, hartzekotan, pertsona bakoitzera egokituak hartu beharko liratekeela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila