Prioien kontrako txertoa

Torontoko Unibertsitatean prioiek sortutako gaitzen kontra eraginkorra dirudien arma bat garatu dute. Ikertzaileek esan dute armak txerto, tratamendu eta diagnostikorako tresna moduan balioko duela.

Prioiek, okerreko forma hartzen dutenean, gaixotasunak sortzen dituzte eta, gainera, prioi normalak itxuraldatzeko gai dira. Baina, gainerakoan, prioi normalen oso antzekoak dira eta sistema immunologikoak ez ditu arrotz moduan detektatzen. Ondorioz, pilatu eta behi eroen moduko gaixotasunak sortzen dituzte. Torontoko Unibertsitatean eraldatutako prioien eta normalen arteko diferentziak aztertu dituzte, sistema immuneak antzemateko moduko desberdintasunen bila, eta bat behintzat topatu dute.

Eraldatutakoek hiru aminoazidoz osatutako sekuentzia berezi bat dute azalean eta sistema immunea gai da sekuentzia hori detektatu eta eraldatutako prioiak erasotzeko. Sekuentzia hori, gainera, aztertu dituzten espezie guztietan detektatu dute: gizakietan, behietan, saguetan, hamsterretan, ardietan eta altzeetan. Ikertzaileak aurreko espezie guztien ehunetan sekuentzia horren kontrako antigorputzak sortzeko gai izan dira eta, orain, sagu bat immunizatu nahi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila