Behi eroen gaitza eta pertsonei eragiten dien gaixotasun horren aldaera ezin dira diagnostikatu sintomak azaldu baino lehen, gaitz horien eragileak, prioiak, ezin baitira erraz detektatu bizidunetan. Hori dela eta, behin betiko diagnostikoa gaixoa hil ondoren egiten da, bai ganaduan bai pertsonetan.
Pertsonetan orain arte erabili izan den metodoa hau da: odol-lagina hartu, laborategiko animalia bati injektatu, eta, hilabete batzuk igaro ondoren, animalia hil eta garuna aztertu, gaixotasunaren aztarnak dituen ikusteko. Metodo garestia eta motela da, eta kasuen herenetan baino ez du asmatzen.
Ikertzaileak, beraz, aspalditik ari dira beste metodo baten bila. Duela urte batzuk aurkitu zuten nola biderkatu hamster infektatuen odolean zeuden prioiak, eta, gainera, prioiei lotzen zaien erretxina bat aurkitu zuten. Horrek asko errazten zuen prioiak detektatzea, baina ez zekiten pertsonentzat balio ote zuen, eta, hala ere, egunak behar ziren diagnostikoa egiteko.
Orain, beste bide bat probatu dute. New Yorkeko Cornell Unibertsitatean metodo bat ari dira garatzen, prioiak detektatzeko erresonantzian eta prioiei lotzen zaizkien antigorputzetan oinarrituta. Orain arte egin dituzten probetan, oso emaitza onak lortu dituzte. Aurrekoak ez bezala, fidagarria da, eta oso azkarra, berehala ematen baitu emaitza. Hala ere, oraindik ez dute erabat bukatu lana, esperimentuak gatz-soluzioekin egin baitituzte, eta ez odolarekin.