Primate handiak ez dira askotan ibiltzen zuhaitzetan gora eta behera. Horri eman izan dioten azalpena da zuhaitzetara igotzeko trebetasuna galdu zutela, eta energia asko behar dutela orain gora egiteko. Duke Lemure Zentroan primateekin egindako ikerketa batean, berriz, frogatu dute arrazoia ez dela igotzeko energia asko behar dutela, baizik eta lurrean ibiltzeko energia gutxiago xahutzen dutela.
Hainbat tamainatako primateak erabili zituzten esperimentua egiteko. Bertikalean jarritako ibiltzeko zinta batean higiarazi zituzten, batetik, zuhaitz batean gora igotzen ariko balira bezala, eta, bestetik, horizontalean. Bi jarduera horiek egiteko behar izan zuten oxigeno-kantitatea neurtu zuten, eta bakoitza egiteko zenbat energia xahutu zuten kalkulatu zuten datu horiekin.
Ikusi zuten gora egiteko garaian primate handiek eta txikiek energia-kantitate bera behar zutela beren gorputzaren kilo bakoitza igotzeko. Horizontalean ibiltzeko orduan, berriz, zenbat eta handiagoak izan animaliak, orduan eta energia gutxiago behar zuten mugitzeko, besteak beste, orduan eta pauso luzeagoak ematen dituztelako.