Pozoinik bai ala ez?

Koiotea bere harrapakinaren atzetik doa. Halako batean, zast! gainera salto eginez harrapatu egingo du eta mugimendu azkar batez, irensteko prest izango du. Bapo jan ondoren, “bazkalondoko patxadan” dagoenean, koiotea bere buruaren kontrola galtzen hasiko da eta giharretan indarrik ez duela, noraezean ibiliko da txokoren batean zerraldo erori eta hil arte.

Honela ageri ohi da koiotea 1080 izeneko pozoina irentsi aurretik. Eraginkorra denik bederen, ezin da ukatu. EEBBetan polemika piztu da zenbait animaliaren hazkundea kontrolatzeko erabiltzen den substantzia hori dela medio.

Horixe da irakurle, 1080 izenaz merkaturatzen den konposatu kimikoak, gutxi gora behera, eragiten duena: harrapakinean geratzen da pozoina eta harrapariak irenstean, funtzio nagusiei egingo die eraso denbora-tarte laburrean. Hura bere azken otordua izango zela jakin gabe hil da beraz, koiotea.

EEBBetan polemika bizia piztu da ditxosozko 1080 produktuaren inguruan. 1960an plazaratu zen lehen aldiz gehiegi ugaltzen ari ziren animali espezieak kontrolatzeko. Garai horretan 1080ak beste zenbait espeziegan kalteak sor zitzakeela ikusi zen eta debekatu egin zen produktua erabiltzea.

1985ean aldiz, berriro merkaturatu zen pozoina eta EEBBetako EPA Ingurugiro Agentziak bere eraginkortasuna bermatuta zegoela adierazi zuen. Geroztik, aldekoak eta kontrakoak muturka aritu dira eta berriki, zenbait estatutan debekatu egin dute bere erabilpena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila