Lantegiek, energia-zentralek eta autoek igortzen dituzten kedar-partikula mikroskopikoek osasun-arazoak eragin ditzakete kantitate handiak arnastuz gero. Saguekin egindako ikerketa berri baten arabera, gainera, poluzio-mota horrek kalte genetikoak sortzen ditu, eta kalte horiek hurrengo belaunaldietara pasa daitezke.
Esperimentuan, hauts-iturritik hurbil jarri zituzten sagu batzuk, eta ikusi zuten horiek inguru garbiago batean bizi zirenak baino askoz mutazio gehiago pasatzen zizkietela ondorengoei. Bestalde, ikusi zuten aire-filtroek babes handia eman dezaketela, % 50 gutxitzen baitzituzten kalteak.
Oraindik ez dakite, ordea, mutazio horiek osasun-arazoekin lotuta dauden, ezta kedar-partikulek nolako eragina daukaten ere gizakien geneetan. Erakunde batzuk dagoeneko hasi dira partikula horien emisioak kontrolatzeko ekimenetan, arnas aparatuan izan dezaketen eragin kaltegarriari aurre egiteko.