Poesiaren ahalmena agerian

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

poesiaren-ahalmena-agerian
Maeva Ordaz, poesia-errezitaldien lehiaketa batean. Arg. Poetry Foundation

Ikerketa askok erakutsi dute musikak eragin zuzena duela garunean eta organismoan. Emozio-eragile izateaz gain, erantzun fisikoa ere sortzen du, eta, ahalmen horretaz baliatuta, terapian ere erabiltzen da.

Orain, Max Planck Institutuko neurozientzialari batzuek beste adierazpen artistiko bati jarri diote arreta: poesiari. Eta hauxe ondorioztatu dute: errima eta hizkera erritmikoa duten adierazpenek ere, hala nola poema klasikoek, bertso tradizionalek edo haur-poemek, erreakzio fisikoa eragiten dutela entzulean.

Are gehiago, erantzun hori berezkoa dugula ere iradoki dute. Hain zuzen, gogorarazi dute mundu osoko gurasoek hizkera poetiko berezi bat erabiltzen dutela umeekin. Gainera, nabarmendu dute poesia dela literatura-genero antzinakoena, eta, idazketa azaldu aurretik, modu horretan transmititzen zirela istorioak belaunaldi batetik hurrengora.  

Hori guztia aintzat hartuta, bi esperimentu egin dituzte poesiaren eragina aztertzeko. Haietako batean, boluntarioek berentzat hunkigarriak ziren poemak aukeratu behar zituzten. Gero, haiek entzun bitartean zenbait parametro fisiko neurtu zizkieten ikertzaileek: bihotz-taupadak, aldaketak larruazalean, ilea... Emaitza garbia izan zen: guztiek izan zituzten hotzikarak, eta hamaikari oilo-ipurdia jarri zitzaien.

Ikertzaileek azaldu dutenez, oilo-ipurdia jartzeak ondorio sozialak ditu, enpatia sorrarazten baitu, eta taldeko kideen loturak estutu. Alde horretatik, aharrausiekin alderatu dituzte, haiek bezala, taldea trinkotzen laguntzen baitute eta kutsakorrak ere izan baitaitezke.

Beste esperimentuan 18 boluntariok parte hartu zuten, eta, horretan, berek aukeratutako poemak entzun bitartean, garuneko jarduera neurtu zieten, erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidezko irudigintza erabilita.

Une hunkigarrienetan, garuneko eremu askoren jarduera areagotu egiten dela frogatu dute ikertzaileek. Eremu horietako bat da nucleus accumbens, sari-sistemarekin, erritmoaren prozesamenduarekin eta aurreikuspenak egitearekin lotuta dagoena.

Horrez gain, musikak garunean eragiten duen jarduerarekin alderatu dute poesiak eragindakoa, eta ikusi dute ez dituztela eremu berberak aktibatzen. Ikertzaileek onartu dute oraindik ez dakitela zergatik ez duten berdin eragiten, baina aurreratu dute litekeena dela hitzen esanahiaren prozesamendua desberdina izatea batean eta bestean. Izan ere, musikak ez du hitzaren beharrik eragina sortzeko. Poesiak, ordea, hitza behar du; doinu soilak ez du poemak eragiten duen erantzuna sortzeko gaitasunik. Era berean, testu hutsak ere ez du hitz errimatu eta hizkera erritmikoak duen ahalmena. Alegia, hitzak eta doinua batzen dituelako da hain ahaltsua poesia.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila