Litekeena da Plutonek eraztun bat izatea. 2005eko maiatzean Plutonek bi satelite txiki zituela ikusi zuten Hubble espazioko teleskopioa erabilita, P1 eta P2. Hala, Pluton, Karon satelite handiak ez ezik, satelite txiki batzuek ere inguratzen dutela ikusi zuten (posible da satelite txiki gehiago aurkitzea aurrerantzean). Bada, sistema hori objektu batek planeta jo eta gero sortu zela uste dute adituek, eta, Pluton inguratuz, hauts eta izotzezko hodei bat ere sortu zela.