Berezko eraginkortasunik gabeko substantziak izanik ere, plazeboek hainbat kasutan gaixoari onura ekartzen diotela onartzen da. Hala ere, zientzialariek oraindik ez dakite nola eta zergatik den.
Orain, Kaliforniako Unibertsitateko psikiatra-talde batek depresioak jotako 51 pazienteren garun-jarduera aztertu du. Pazienteak jakitun ez ziren arren, batzuei depresioaren aurkako sendagaiak eman zizkieten bitartean, besteek plazeboa hartu zuten. Bederatzi asteren buruan, lehenengo taldeko % 38k eta bigarren taldeko % 53k hobekuntza nabaritu zuela adierazi zuen.
Elektroentzefalogramen bidez pazienteen garun-jarduera aztertzean, ordea, sekulako ezustea jaso zuten: plazeboei esker hobeto sentitzen zirela ziotenek lehen baino jarduera gutxiago zuten kortex prefrontalean; hau da, botiken bidez sendatutakoek bezalako ondorioak azaltzen zituzten. Dirudien bezala plazeboen eragina froga badaiteke, ikerketarako bide berriak irekiko dira.