Itsasoaren hondoan argirik gabe ehizatzen duten zetazeoentzat, txibia gozo bat eta plastiko-zati bat oso antzekoak izan litezke. Izan ere, ultrasoinuen bidez ia berdin atzematen dira, Marine Pollution Bulletin aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek erakutsi duenez. Hori izan liteke zetazeo batzuek hainbeste plastiko jatearen arrazoia.
Zetazeo batzuek, hala nola kaxaloteek, kaxalote pigmeoek eta zifioek, ultrasoinuak erabiltzen dituzte iluntasunean janaria aurkitzeko. Eta zetazeo horien urdailetan gero eta plastiko gehiago aurkitzen dela ikusita, ikertzaileek aztertu nahi izan zuten ea janariarekin nahasten ote dituzten, akustikoki.
Horretarako hondartzetan plastikozko hondakinak bildu zituzten; zetazeoen urdailetan aurkitzen diren ohikoenak: plastikozko poltsak, puxikak, sokak, botilak eta abar. Hondakin horiek urpean jarri eta 38, 70 eta 120 kilohertzetan aztertu zituzten, zetazeoek erabiltzen dituzten soinu-frekuentziatan, hain zuzen ere. Eta, konparatzeko, berdin aztertu zituzten txibia batzuk ere. Horrela ikusi zuten aztertutako plastiko-zati ia guztiek, bereziki filmek eta plastiko-zatiek (hildako zetazeoetan gehien agertzen direnak), janari-hotsa zutela.
Elhuyarrek garatutako teknologia