Plastiko "ekologikoak"?

Gaur egun erabiltzen diren plastiko gehienen arazorik handiena degradatzeko behar duten denbora luzea da. Petroliotik eratorritako plastikoek guztiz desagertzeko milaka urte behar izaten dituztenez, plastikozko hondakinak pilatu eta pilatu ari dira. Arazo hori dela eta, azken urteetan osagai biologikoak dituzten plastiko-mota berriak sortu dira, genetikoki eraldatutako landareetatik lor daitezkeenak.

Osagai biologikoak izanik, askoz azkarrago degradatzen dira plastiko hauek, teorian behintzat. Horrelako plastikoak gero eta gehiago erabiliko direla ikusirik, bioteknologiako enpresak sistema merkeagoak garatzen ari dira. Esaterako, Monsanto enpresak koltza transgenikotik eratorritako plastiko-mota berri bat sortu du, eta Estatu Batuetan artoaren azukre hartzituarekin urtero milaka tona sortzen dira. Plastiko horiek, ordea, ez dira diruditen bezain ekologikoak, ekoizteko prozesuan plastiko arrunta egiteko baino askoz energia gehiago behar baita. Gainera, degradatu ahal izateko birziklatzeko instalazio berezietara eraman behar dira, ez du balio zabortegietara botatze hutsak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila