Europako Behatoki Australak (ESO) Auriga konstelazioan sortzen ari den izar-sistema baten zantzuak aztertu ditu azken urteotan. AB aurigae izeneko izar gaztearen inguruan sortzen ari da izar-sistema berria, Lurretik 520 argi-urtera. Astronomy & Astrophysics aldizkarian argitaratu dutenez, izarraren inguruko hautsezko eta gasezko disko trinkoan perturbazio txiki bat ikusi dute, biraketa baten modukoa, espiralaren gune batean. Ikertzaileen ustez, litekeena da toki horretan planeta bat sortzen aritzea. Planeta jaioberri baten lehenengo ebidentzia zuzena litzateke, baieztatuko balitz.
Astronomoek uste dute planetak izar-sistema berrien aurreneko milioi urtean sortzen direla, haien diskoetan gas hotza eta hautsa elkartzen direnean. Hainbat eredu teorikoren arabera, biraketa bat ikusi beharko litzateke planeta bat sortzen ari den gunean: bi espiralen lotura-gune moduko bat ikusten da, non espiral bat planetaren orbitaren barrurantz kiribiltzen ari den eta bestea kanporantz. Orain arte, ezin izan dute disko gazte horien irudi nahikoa argi eta sakonik hartu, baina Atakamako VLT teleskopioaren SPHEREren irudi-sistema erabilita, kontraste handiko irudiak egin dituzte infragorritik gertu, argi polarizatua eta polarizatu gabea erabiliz. Diskoaren inoizko irudirik sakonenak lortu dituzte, haren morfologia aztertu eta protoplaneta bat sortzen ari dela adierazten duen seinalea ikusteko balio izan dutenak.
Elhuyarrek garatutako teknologia