Plaka tektonikoak nola eratu ziren azaldu dute

Leturia Yurrita, Iñaki

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

plaka-tektonikoak-nola-eratu-ziren-azaldu-dute
Aurkeztu duten eredu berriaren simulazioa. Arg. David Bercovici

1960. urtean frogatu zen plaken tektonikaren teoria, baina orain arte ez da izan plaka horien sorreraren azalpen sendorik. Yale Unibertsitateko Geologia eta Geofisika Departamentuko David Bercovicik eta Lyongo Unibertsitateko Yanick Ricardek badute argibide bat. Eskala hain handia duen gertaera hau ulertzeko gakoa dira, haien esanean, Lurraren azala osatzen duten mineralen ezaugarri mikroskopikoak.

4.000 milioi urte atzera eginda, egungo plaka egiturarik ez zen oraindik Lurrean. Azala azpiko mantuaren gainean dilatatzen eta uzkurtzen zen, etengabe, presioaren eta tenperaturaren eraginez. Azala osatzen zuten mineralek egoera horren pean zuten erantzunaren arabera, ahulguneak sortu ziren zenbait gunetan. Mineralak, kristal edo ale txikiagotan banatu ziren lekuetan, azala mehea eta ahula bilakatu zen eta mantuan hondoratuz joan zen. Hau da, subdukzio prozesu bat gertatu zen toki horietan, eta ondorioz,  hausturak gertatu ziren azalean. Haustura edo arrakala horiek dira, hain zuzen, egungo plaken arteko mugak.

Azalean plaka-egitura duen eguzki-sistemako planetan bakarra da Lurra. Artizarrak, aldiz, ez ditu, tamaina antzekoa izan arren, eta egoera eta baldintza antzekoetan sortu zen arren. Arrazoia tenperatura da. Artizarraren azala oso beroa da, eta han ez zen eman Lurrean plakak eragin zituen hondoratze- eta arrakalatze-prozesurik. Artizarrean, beroaren eraginez, mineral-partikulek berriro ere bat egiten dute  azalean ahulguneak sortzea eragotziz eta, ondorioz,  ez da ez plakarik ez mugimendu tektonikorik.

Ikerketa egiteko, Bercovicik eta Ricardek eredu matematiko bat garatu dute, duela milioika urte Lurraren azalak zituen baldintzak eta mineralen egitura abiapuntu hartuta. Ereduak, gainera, azalaren beheko aldean zegoen presioa ere  kontuan izan du, presio baxua, azala mantuan hondoratzearen arrazoietako bat izan baitzen. Ondorio hori jasotzen duen artikulua Nature aldizkarian argitaratu da.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.