EEBBtako enpresa kimiko batek, pistola bidezko pintaketan disolbatzaile organikoen ordez karbono(IV) oxidoa erabiltzen duen prozesua garatu berri du. Aurrerabide honek, atmosferara isurtzen den disolbatzaile organikoen kantitatea asko murriz dezake.
Disolbatzaile hauen artean hidrokarburoak, alkoholak, glikolak, zetonak eta esterren moduko konposatu oxigenatuak eta konposatu kloratuak daude. Lurrinketa-puntu baxuko disolbatzaile hauek pintura aplikatzerakoan lurrindu eta atmosferan sakabanatzen dira. Atmosferan nitrogenoarekin erreakzionatzen dute eta esmog fotokimikoa handitzen laguntzen dute.
Prozesu bernak UNICARB du izena eta Union Carbide zorigaiztoko enpresa amerikarrak garatu du John Hopkins unibertsitateko Marc Donohue irakaslearen laguntzaz. Karbono(IV) oxidoak 35°-65°C bitartean eta 8 megapascaleko presiopean fase-egoera berezia du. Fase honi superkritiko deritzo eta disolbatzaile moduan jokatzen du.
Union Carbideren arabera, aplikatzen diren 2 l pinturako 1 kg disolbatzaile organiko isurtzen da atmosferara. EEBBtan bakarrik, 1,6 mila milioi litro pintura eta gainestaldura aplikatu ziren. Automobil- eta haltzari-fabrikatzaileak dira pistolazko pintaketa gehien erabiltzen dutenak eta UNICARB prozesu bema aplika baledi, %30-70 bitartean murriz litezke.
Ohizko teknikan pintura disolbatzailez diluitzen da aplikatua izateko nahikoa arina izan arte. UNICARB prozesuan ere disolbatzileak erabiltzen dira, baina pintura (polimero gaineztaltzaile, pigmentuak eta gehigarriak) disoluzioan mantentzeko adina bakarrik. Egoera horretan pintura ez da pistolaz aplikatzeko behar bezain arina. UNICARB prozesuan karbono(IV) oxidoa eransten zaio, une honetan pintura aplikagarri izan dadin. UNICARBek ez du teknologi aldaketarik eskatzen, gaur egungo tresneria erabilgarri delako.
Batek baino gehiagok, ikuspegi ekologikotik sistemak abantailarik ez duela pentsa lezake. Izan ere, disolbatzaile organikoak atmosferara isurtzeari itzurtzen zaio, baina bitartean negutegi efektua sortzen duen karbono(IV) oxidoa isurtzen da. Oker dabil hori pentsatzen duena, zeren eta ez bait litzake karbono(IV) oxido berria sintetizatuko; atmosferan dagoena erabiliko litzateke baizik.