Petroliuntziak berriro ere

"Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkari honen 68. alean, petrolioaren itsas garraioaren segurtasun-neurriek nondik norako garapena izan duten azaldu genuen. A Coruñan lehenengo eta Shetland irletan ondoren gertatutako istripuek komunikabide guztietan lehen tokia hartua zuten orduan. Gerora, Indonesian izandako istripuak eta Tarragonako errefinategiko portuko ordu latzek, petrolio-isurketen arriskua bizi-bizirik dagoela azaldu dute.

Artikulu hartan arriskua ahalik eta txikiena izan dadin probatzen ari diren segurtasun-arauak aipatu ziren. Estatu Batuek krosko bikoitza izenaz ezagutzen den irtenbidea hautatu dute. Onartu duten legearen arabera, petroliuntzi berriek krosko bikoitza beharko dute Estatu Batuetako uretan nabigatu ahal izateko eta petrolioa barruko kroskoan babestutako tangetan garraiatuko da. Lege honek beste alderdi bat ere arautzen du, eta honen arabera, dagoeneko lanean ari diren petroliuntzi zaharrek, hau da, krosko bikoitzik ez dutenek, baldintza berezi batzuk bete behar dituzte.

Besteak beste, EEBBetako Coast Guard erakundeak untzi hauentzako inguru debekatuak eta atoi-untzi baten laguntzaz nabigatu beharreko beste inguru batzuk zehaztu behar zituen eta abuzturako martxan jarri. Baina oraindik ez da horrelako lanik egin, ezta bestelako ikuskapenik ere, hau da, ez da ikuskapenik egin legeak ezartzen dituen beste baldintzak (hala nola nabigaziorako tresneria berezia, tripulazio ugariagoa eta prestatuagoa, etab.) betetzen ari diren ala ez jakiteko. Eta ez omen dira bete, Kaliforniako kasuan izan ezik. Estatu hau izan ere, bere aldetik legea aplikatzen hasia baita, erakunde federalek urratsik ematen ez duten bitartean.

Talde ekologisten iritziz egoera hau petrolioaren industriak egin duen izugarrizko presioaren ondorio da. Petrolioaren industriak ez du bere iharduera zamatzeko beste gasturik nahi. Estatu Batuetan erabili duten argudio nagusia Exxon Valdez-en istripua gertatu zenetik, ez dela istripu larririk izan eta, beraz, hainbesterainoko gastua eragiten duten arauen beharrik ez dagoela. Azken hilabete hauetan gertatutakoek berriro ere kezkatu egin ditu batzuk eta EEBBetako Kongresuko kide batek legea ez aplikatu izana salatu du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila