Pestiziden ordez, karpak

Ureztatzeko ubideak behar dira, baina bertan ugaritzen ari diren landareek kanalen eraginkortasuna erabat baldintzatzen dute. Arazo horren aurrean, zer egin zezaketen Argentinako hegoaldeko lurralde lehor-zabaletan? Pestizidarik ez, noski, nahiz eta orain arte erabili den sistema bakarra bera izan. Arazo honi aurre egiteko, ekologikoki egokiagoa den beste sistema bat aurkitu behar zen.

Argentinako hegoaldean sortu da arazoa, baina dudarik gabe, ez da bertara mugatuko. Ubideetan neurririk gabe hazten diren landareak suntsitzeko, herbizidarik erabili gabe, karpak ezarri dituzte bertan. Oraingoz, pozik daude emaitzekin. Oraingoz...

Bertako eta Europako ikertzaileak lanean jarri dira arazo horri irtenbidea bilatzeko, eta karpak erabiltzea otu zaie. Pentsatu eta egin: karpek landare horietan ugaltzera egokitzen dira eta ubideak garbi-garbi edukitzea ahalbidetzen dute. Gainera, karpa-ekoizpena indartzeko egitasmoak ere jarri dira martxan eskualdean, lan-esparru berri eta berritzailea zabalduz.

Etorkizunerako aukera anitz ekar ditzake sistema honek, baina kontrako iritziak ere entzun dira Argentinan. Epe ertainera kalte egingo ote du karpa-populazioa handitzeak? Bertako oreka ekologikoa hautsiko ote du? Oraingoz ezin erantzun daitezkeen galderak dira horiek. Etorkizunak esango digu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila